TANBORRADAREN HOTSAK
masterkas - 18-01-2006 18:38:22 | Categoria: Denuncia feminista
kAIXO NESKAK!Aurtengo San Sebastianei ematen ari diren itxura justoari, buelta batzuk emateko. Ea ze iruditzen...
IRAKURKETA:
Hasteko, gure poztasuna adierazi nahi dugu, aurten lehenengo aldiz, emakume gutxi batzuk oholtza gainera igotzeko aukera izango dutelako. Pauso txiki hauek garrantzitsuak dira parekidetasunerako bidean.
Baina kezkatuak gaude instituzioek azken boladan, parekidetasunaren izenean egiten ari diren garaipenak ospatzeko duten jarrera tematiaren aurrean.
Berdintasun legea gai temati horietariko bat izan zen, parekidetasunaren aldeko tresna garrantzitsu bat izatea espero genuenak, lehen asaltoan huts egin zigun. Irun eta Hondarribin emakumeek parte hartzeko ere ez du balio izan.
Beste adibide bat, azken asteetan Union Artesanak eta Gaztelubidek hartutako konpromisoa izan da. Udaletxearekin edukitako elkarrizketei esker, beste garaipen bat ospatzea nahi dute.
Guk ordea, gertakari hauen aurrean, beste irakurketa bat egiten dugu. Gure ustez udalak eta bestelako instituzioek…
1. Donostiako jaiak parekideak direla saldu nahi digute.
2. Berdintasun legea martxan jartzen ari direla saldu nahi digute.
3. Donostiako udalak, itxura parte hartzaileagoa, herrikoiagoa eman nahi izan die festei.
1. Donostiako jaiak parekideak direla adierazi nahi izan badute ere, eta Udaletxeak bere burua, berdintasun honen bultzatzaile nagusitzat azaldu nahi izan badu ere, gogorarazi behar diegu zenbat eta zenbat elkarte edo tanborradetan dugun emakumeok sarrera mugatua. Gogorarazi behar dugu emakumeak parte hartzen uzten duten elkarte askok zein baldintzatan uzten dieten emakumeei parte hartzen (kuota kopuruak, barrilak bai baina tanborra ez, urte mugatuak…).
2. Berdintasun legearen eragina izan balitz bezala adierazi nahi izan dute gertatutakoa. Elkarte pribatuen aurrean ordea, lege honek eskumen gutxi edo bat ere ez duenean. Ibarretxeren apustu nagusia zirudien Berdintasun Lege honek orain arte erakutsi digun gauza bakarra, bere partidukoak diren alkateek ere ez dutela martxan jartzeko asmorik izan da. Gainera, garrantzia ematen zaion legea dela esaten duten arren, lege hau guztiz ezezaguna izaten jarraitzen du. Zergatik ezezaguna? Argi eta garbi, beste lege batzuk ez bezala, lege honek eguneroko bizitzan ez digulako inolako aldaketarik ekarri. Zertarako balio digu asmo onak izan arren, ezezagun eta hautazkoa den lege batek?
3. Donostiako udalak, parte hartzaileagoa, itxura herrikoiagoa eman nahi izan die festei. Baina argi ikusi dugu nolaz festen gora beherak gizonekin negoziatzen diren, emakumeon etorkizuna beraien artean erabaki duten. Hau al da Odonek bultzatzen duen “Participacion ciudadana” delakoa? Oholtza, elkarte pribilegiatu batzuen esku geratu ahal izateko helburuarekin egin al da ba? Zergatik ez eman bandera igotzearen edo jaistearen ohorea, parekidetasunean eratu diren tanborrada guztiei?
Emandako aurrera pausoak zalantzan jarri gabe, eskaini diguten irtenbidea erdibidekoa dela adierazi nahi dugu. Azken momentuan, ezkutuan, herriaren parte hartzea gabe egin dute, orain arte, urteetan zehar jai batzorde eta emakume taldeak egindako lana kontuan hartu gabe, gure hitza, emakume guztiona, eta donostiarren iritzia kontuan hartu gabe.
Gogorarazi nahi dugu, duela hiru urte ez geroztik Bilgune Feminista eta Jai Batzordeen artean, egin den lana emakumeen parte hartzearen eta eraso sexistak ekiditzeko bidean, zeinak komunikabideetan ez duen apenas oihartzunik izan.
Honenbestez, jai parekideak baita herrikoiak bultzatzeko konpromisoa hartu dezaten deia egiten diegu instituzio guztiei, baita Donostiako udalari ere.
Porrontxotako Jai Batzordea
Zipotzetako Jai Batzordea
Altzako Jai Batzordea
Donostiako Piratak
Antiguako Jai Batzordea
Alde Zaharreko (portuko) jai Batzordea
Amara Berriko Jai Batzordea
Bilgune Feminista
Protagonistak: Gaztelubide / Gonbidatuak; Emakumeak
Ikaragarria! “Zorionak Gatzelubide”, “Zorionak Donostia” … Baina inorri ez al zaio okurrituko emakumeak zoriontzea? Ba nik esango dut, Zorionak Donostiako emakume guztioi! Batez ere urteetan zehar borrokan aritutakoei! Bai tanborradan parte hartzeko, kaldereroetan parte hartzeko, festetan eraso sexualak ekiditzeko, eremu askeak sortzeko, azken finean, gizonen mundu hau, gizon-emakumeena izatera iristeko borrokan ari diren guztiei.
Ez dut inoren borondate ona zalantzan jarri nahi. Pozten naiz udalak AZKENIK, zerbait egin izanaz, pozten naiz Elkarte BATZUEK, azkenik, ZERBAIT egin izanaz, benetan. Zorionak berdintasunaren edo parekidetasunaren bidean mugitzen hasi zaretelako.
Ez dut inoren zoriona zapuztu nahi, ez. Euforia momentu honetan, gauzak bere tokian jartzea besterik ez dut nahi. Zoriona eta indarra beharrezkoak dira borrokan aurrera jarraitzeko. Aurten pausu oso garrantzitsua eman dugu. Horixe, pausu bat, baina inolaz ere ez garaipena.
Hitzei beren tokia bilatu nahian, lerro hauen bidez, pare bat gauza aipatu nahiko nituzke.
Nola izendatuko dugu gertatutakoa? Gertakaria? GaztelubideK (sujetua, protagonista) emakumeak sartzea erabaki du. Beste modu batera esan, emakumeei sartzen utzi die. Sartzen utzi, nola jantzi behar diren adierazi, zenbat eta zeintzuk izango diren sartuko direnak erabaki… Emakumeon hitza eta erabakia gizonen esku berriro ere... A ze nolako garaipena!? (pausua deitzearekin nahikoa dela iruditzen zait). Udalak eta alderdiek (sujetuak, protagonistak) emakumeak sartzea bultzatu dute…
Historiak ahaztu egiten gaitu. Emakumeak, joaten ginen ur bila, kupelak betetzera, (sukaldariekin batera) ejerzitoek goizeko diana jotzen zuten bitartean. Hor egon gara beti. Emakumeak egon gara urtero, pankarta, panfleto, bilera, prentsaurreko, edo bestelako moduen bidez, festetan emakumeen parte hartzea eskatuz. Baina oraingoan ere ahaztu nahi gaituzte. Emakumeetzako garaipena bezala irudikatzea ez dago gaizki, baina emakumeon borrokak zerikusia izan duela errekonozitzea justizia pixkat egitea dela iruditzen zait.
Bukatzeko, gizonek antolatu diguten festa honetan parte hartzen uztea, pozgarria dela deritzot, baina gogorarazi nahi dut beraien festa izaten jarraitzen duela, eta gu, gonbidatu hutsak garela. Hori bai, zorionez eta lehen aldiz, gutxienez gonbidatu! Yupi! Festa handi hau ospatzeko, donostiarren festa izateko, donostiar guztiak kabituko garen tablatua egotera itxoingo dut. Parekidetasuna ospatzeko ordea, bizitzako esparru guztiak aldatzen soilik falta zaigu. Baina bidean gaude…
Joxepa Bornaetxea Estela. Donostiako Bilgune Feministako kidea.
Comentarios (2) - Referencias (0)
Referencias
Comentarios
-
Kaixo Joxepa!
Izugarri gustatu zait zure artikulua. Kopiak egingo ditut, gaur gauean eta bihar honi buruz zerbait esango didan bakoitzari bat emateko
Comentario de Maitterka hace 2 años y 29 meses
-
Aupa neskak!
Eskerrikasko Joxepa testuak blogan jartzeagatik, ikaragarri aproposak dira gaurko egunerako, eta uste dut gu guztion sentipena ondo islatzen dutela. 9cdr-ko lagunei bidali dizkiet eurek ere zerbait idatz dezaten.
Ni ere hortxe nabil testu batzuk prestatzen datozen egunetan blogean ipintzeko, bestelako gaien inguruan
)))
Poz-pozik nago gure blog hau bizirik dagoelako, eta guztion artean gauzak konpartitzeko tresna polita izaten ari delako.
Eskerrikasko denoi eta muxu handi bat! Arratsaldea-arte!
Comentario de ireneterka hace 2 años y 29 meses